XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Urtetan erabilitako ezizenek aurpegi bat irabazi zuten eta ganbara bera lehertzeko beste indar pilatu zen batzarraren giro hartan.

Xixariok eta gehienek mozorrotan bozatuta jarraitu zuten, azkeneko bilerak, premiazkoenak bederen, aurrera eraman ahal izateko.

Xixario, karetadunen alderdian suertatu zen beraz, eta Migeltxok, aldiz, eta eraberean Juana Marik, beste alderdiaren aukera egin ei zuten.

- Juana Mari orduan ezagutu nian aitortu zidan Xixariok eta Migeltxok ere, harremanak lehenagotikan bazizkitean ere, biltzar hartan bertan ikusiko zian aurreneko aldiz.

Garai hartan, beste guztietan antzera bestalde, azpiegitura eskuratzen ez zegoen erraza eta sortzen zen apurra, estimatzekoa ere gertatzen zen.

Horrela bada, egun batean, nork emanda ez dakit, Migeltxori buzoi bat ailegatu ei zitzaion, eta haregaz batera, hartaz baliatzeko arau eta baldintzak ere jasoko zituen.

Itxuraz, ongi erlazionatutako taldekide erre bati zegokion, eta nahiz automobilak, nahiz etxeak, erraz eskuratzeko aukeran zegoen.

Laguntzaileak, hala ere, ez zuen taldeko inor ezagutu gura eta bera ezagutu zezaten, barriz, are gutxiago.

Beraz, ezelako zitarik ez, eta harreman guztiak eskutitzen bitartez eraman behar ziren eta gainera, lagun bakar bategaz.

Esan moduan pagotxa gure Migeltxori egokitu zitzaion.

Haserako gutunak hotzak ei ziren; ia oharrak, baina denboraren poderioz, apur batean luzatu eta samurtu ere egingo ziren.

Zuhurrak eta zehatzak izan arren, lerro artean irakurtzeko aukera gero eta haundiagoa eskaintzen zioten.

Haseran, gizonezko ezizena ikusita, uste zuen atzean zegoena ere gizonezko bat izango zela, (...).